Gure eskubideak. Lehen Hezkuntza

Aurkezten dizugun hezkuntza-material hau Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmena deritzon dokumentuan oinarriturik dago. Bere helburu nagusia mundu osoan onarturik dauden baloreak irakastea da, eta ikasle, irakasle eta familiak horietaz oharraraztea. Balore horiek herri eta nazioen arteko elkarbizitza baketsurako beharrezkoak dira eta gizarte libre, demokratiko eta anitzaren oinarri eta zutabe.
Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmena hamar urtetan barna prestatu zen (1979/1989) eta bere xedea mundu osoko haurren eskubideak (haurrek izan behar dituzten oinarrizko giza eskubideak) babestea eta bermatzea da. Izan ere, eta giza eskubideetarako tresna den aldetik, historia osoan atxikimendu gehien jaso dituen dokumentua da. Bere sorreran, hasieratik bertatik Nazio Batuetako Batzar Orokorrak 1989ko azaroaren 20an onartu zuen arte, gizarte, erlijio eta kultura guztietako ordezkariek hartu zuten parte eta, beraz, mundu osorako balio du. 191 herrialdetatik bi besterik ez dira oraindik sinatu ez dutenak.
Garrantzi handikoa da Hitzarmenaren aplikazioa, honako arrazoi hauengatik:
• Haurrak gizakiak dira.
• Haurren garapen osasuntsua funtsezkoa da eta nahitaezkoa edozein gizarteren geroko ongizaterako.
• Haurra jaiotzean zeharo ezgauza eta menpekoa da.
• Haurrengan izaten dute eraginik handiena gobernuek hartutako neurriek.
• Haurren iritzi eta ikuspuntuak oso gutxitan entzuten dira eta gutxiagotan kontuan hartzen prozesu politikoan.
• Haurrengan ondorio argiak izaten dituzte gizarte-aldaketek.
• Haurrei behar bezalako arreta ematen ez dion gizarte batentzat kostu ekonomikoa ikaragarri handia izaten da.
• Haurrentzat oso kaltegarria izan da mundu osoan ageri den hirietarako joera.
Nahikoa da UNICEF-eko web orriko (http://w.w.w.unicef.org) zenbait datu ikustea munduko ume askoren egoera larri eta negargarriaz ohartzeko:
• 5 urte edo gutxiagoko 12 milioi haur hiltzen dira urtero munduan.
• 130 milioi bat haurrek ez du lehen mailako hezkuntzarik jasotzen garapen bidean diren herrialdeetan; gehienak neskak dira.
• 160 milioi bat umek desnutrizio larri edo ertaina nozitzen du.
• 1.400 milioi bat umek ez dauka ur edangarririk eskueran eta 2.700 milioik saneamendu egokia falta du.
• 250 milioi bat haurrek lanen bat egiten du.
Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmena 41 artikulutan zehaztuta dago eta 18 urtetik beherako haur guztiei dagokie. 41 artikuluotan nazioarteko lege gisa xedatzen da estatu kideek segurtatu egin behar dutela haur guztiek izango dituztela babes- eta laguntza-neurri bereziak, zenbait zerbitzutara sarbide izango dutela, hala nola, hezkuntzara eta osasun zerbitzuetara, bere nortasun, trebetasun eta gaitasunak osoki garatu ahal izango dituztela, zoriontasun-, elkar ulertze- eta maitasun-giroan haziko direla eta beren eskubideak lortzeko eta prozesuan era erraz eta aktiboan parte hartzeko informazioa jasoko dutela.
Hezkuntza-material hau Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmena lantzeko sortu dugu. 30 unitatetan partitua da eta unitateok Hitzarmenak dituen 41 artikuluei dagozkie. Unitateen xedea 9tik 12 urtera bitarteko ikasleei mundu osoan onarturik dauden baloreak irakastea da. Balore horiek gizarte libre, demokratiko eta anitzaren oinarri eta zutabe dira eta herri eta nazioen arteko elkarbizitza baketsurako nahitaezkoak. Obra hau burutzeaz hezkuntza munduan dabiltzan 8 profesional arduratu dira eta hiru alde desberdinetatik heldu diote eginkizunari. Pertsonarenganako hurbilketan hiru maila bereiziko ditugu, beraz:
1.Mikromaila, “ni-a” izendatuko duguna: gutako bakoitzaren inguru pertsonalaz arduratzen da hasiera batean. Pertsonaren baitan zentratutako ikuspuntua da eta horrek geure buruaren eta besteen balorazio pertsonala errazten digu.
2.Erdimaila, “Ingurua” deituko duguna: norberaren analisiaren ondoren, hurbilen dugun inguru ezagunari ekingo diogu.
3.Azkenik, Makromaila edo “Mundua”: maila honetako gaiek ikuspegi orokorragoa eskaintzen diote ikasleari, munduko beste toki batzuetako errealitate eta gatazkak erakutsiz. Geografikoki urrun dauden arren, gizaki garen aldetik eragin zuzen-zuzena dute gugan.
Hurbilketa hirukoitz hau berariaz pentsatua eta sortua da, eta bere xede nagusia ikasleek euren eskubideak zeintzuk diren jakitea da, mundu guztiko ume guztien eskubideak, alegia. Gaia era horretara aztertuz, ikasleak aiseago ulertzen ditu gatazkak, haien barruan koka dezake bere burua, zentzua hartzen du eta horrela jasotako esperientziak bizitzaren beste arloetara hedatzen ditu.
Obrak barne-egitura honi jarraitu badio ere, aipatutako hiru esparruak (ni-a, ingurua eta mundua) hanhemenka ageri dira unitate bakoitzeko jardueretan, hiru mailak ia-ia obra osoan zehar nahasiz. Horrek halako itxura heterogeneoa ematen dio obrari.
Azkenik, zera nabarmendu behar da: hezkuntza-material hau 3 ikasturtetan zehar lantzeko pentsatua da (Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko 2. mailatik hirugarren zikloko 2. mailara arte). 30 unitate hauek sistematikoki landuz ohartu ahal izango gara ikasle, irakasle eta senitartekook gizarte zuzenago bat lortzeko Hitzarmenaren artikuluen garapenak duen garrantziaz. Horixe da, izan ere, obra honen helburua.






