Save the Children izeneko elkarteak ‘Zuzentzea ez da jotzea’ izeneko kanpaina abiarazi du, haurrei familian eragindako zigor fisikoen kontra. Zigor honekiko alternatiboak diren beste batzuei buruzko informazioa jasotzen duten triptiko eta txostenak landu dituzte.
Txostenak espainiar estatuko erietxe guztietan, guraso elkarteetan eta gizarte zerbitzuetan banatuko dituzte Save the Children elkartekoek. Kanpaina honen bidez, zigor fisikoak haurraren osotasun fisikorako eskubidea bortxatzen duela azpimarratu nahi dute.
Zigor fisikoa masailekoak, ipurdikoak, buruan emandako kolpeak, iletik eta belarrietatik tira egitea eta bestelako eraso fisikoak dira. Ez bakarrik eraso fisikoak bere horretan, baita horiek dakarten iraina ere.
Save the Children elkarteak, gai honen inguruan gurasoek eta haurrek duten iritzia jaso nahi izan du eta hauek dira jaso dituzten erantzunak:
Helduen kasuan, lautik batek (%25,6k zehazki) uste du, diziplina ezartzeko euren seme-alabei masailekoren bat ematea beharrezkoa dela. Erdiak baino gehiagok (56,9k zehazki) uste du orokorrean, batzuetan beharrezkoa dela haur bat jotzea hezteko. Bestalde, ondorio hauxe atera dute: zigor fisikoaren onarpena jaitsi egiten da, guraso gazteen kasuan eta gurasoen hezkuntza maila gero eta altuagoa izan.
Haurrei dagokienez, ia erdiak (%46k zehazki) uste du, ez dela beharrezkoa haurrak jotzea diziplina ezartzeko. Zigor fisikoak mina, tristura, haserrea, beldurra, errua eta bakardadea sorrarazten dietela diote.
Zer alternatiba planteatzen dute honen aurrean?
Haurrei neurri eta arau koherenteak ezartzea eta hauek betetzen ez dituztenean zigortzea, baina jo gabe.
Haurrak eskubideen eta arduren gainean heztea, beraien autonomia bultzatuz.
Seme-alabekin denbora nahikoa pasatzea.
Maitasuna erakustea eta adieraztea, nahiz eta gauzak gaizki egin edo hanka sartu.
Xantaia afektiborik ez, ez gurasoen aldetik, ez haurraren aldetik ere.
Seme-alabak gauza materialekin bakarrik ez, baizik eta gurasoen denborarekin eta esker onarekin saritu.
Barkamena eskatzen erakutsi, guk hanka sartzen dugunean, beraiei barkamena eskatuz.
Gatazkak konpontzeko ideiak
Gatazkak saihestezinak dira eta hauei aurre egiteak, harremana sendotzen du.
Bortxakeria alde batera utzi behar da, beti. Gure ideiak, iritziak... defendatuko ditugu baina eraso fisikora iritsi gabe.
Gatazka konpontzeko abiapuntua komunikazioa eta barkamena eskatzea da.
Zigorra ezarri aurretik, entzun egin behar da.
Komunikatzeko era ezberdinak daude eta besteak mindu gabe hitz egitera ohitu behar dugu; horretarako beharrezkoa da une aproposa aurkitzea.