Aurkezten dizugun hezkuntza-material hau Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmena deritzon dokumentuan
oinarriturik dago. Bere helburu nagusia mundu osoan onarturik dauden baloreak irakastea da, eta ikasle,
irakasle eta familiak horietaz oharraraztea. Balore horiek herri eta nazioen arteko elkarbizitza baketsurako
beharrezkoak dira eta gizarte libre, demokratiko eta anitzaren oinarri eta zutabe.
Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmena hamar urtetan barna prestatu zen (1979/1989) eta bere xedea
mundu osoko haurren eskubideak (haurrek izan behar dituzten oinarrizko giza eskubideak) babestea eta
bermatzea da. Izan ere, eta giza eskubideetarako tresna den aldetik, historia osoan atxikimendu gehien
jaso dituen dokumentua da. Bere sorreran, hasieratik bertatik Nazio Batuetako Batzar Orokorrak 1989ko
azaroaren 20an onartu zuen arte, gizarte, erlijio eta kultura guztietako ordezkariek hartu zuten parte eta,
beraz, mundu osorako balio du. 191 herrialdetatik bi besterik ez dira oraindik sinatu ez dutenak.
Garrantzi handikoa da Hitzarmenaren aplikazioa, honako arrazoi hauengatik:
• Haurrak gizakiak dira.
• Haurren garapen osasuntsua funtsezkoa da eta nahitaezkoa edozein gizarteren geroko
ongizaterako.
• Haurra jaiotzean zeharo ezgauza eta menpekoa da.
• Haurrengan izaten dute eraginik handiena gobernuek hartutako neurriek.
• Haurren iritzi eta ikuspuntuak oso gutxitan entzuten dira eta gutxiagotan kontuan hartzen
prozesu politikoan.
• Haurrengan ondorio argiak izaten dituzte gizarte-aldaketek.
• Haurrei behar bezalako arreta ematen ez dion gizarte batentzat kostu ekonomikoa ikaragarri
handia izaten da.
• Haurrentzat oso kaltegarria izan da mundu osoan ageri den hirietarako joera.
Nahikoa da UNICEF-eko web orriko (http://w.w.w.unicef.org) zenbait datu ikustea munduko ume askoren
egoera larri eta negargarriaz ohartzeko:
• 5 urte edo gutxiagoko 12 milioi haur hiltzen dira urtero munduan.
• 130 milioi bat haurrek ez du lehen mailako hezkuntzarik jasotzen garapen bidean diren
herrialdeetan; gehienak neskak dira.
• 160 milioi bat umek desnutrizio larri edo ertaina nozitzen du.
• 1.400 milioi bat umek ez dauka ur edangarririk eskueran eta 2.700 milioik saneamendu egokia
falta du.
• 250 milioi bat haurrek lanen bat egiten du.
Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmena 41 artikulutan zehaztuta dago eta 18 urtetik beherako haur guztiei
dagokie. 41 artikuluotan nazioarteko lege gisa xedatzen da estatu kideek segurtatu egin behar dutela
haur guztiek izango dituztela babes- eta laguntza-neurri bereziak, zenbait zerbitzutara sarbide izango
dutela, hala nola, hezkuntzara eta osasun zerbitzuetara, bere nortasun, trebetasun eta gaitasunak osoki
garatu ahal izango dituztela, zoriontasun-, elkar ulertze- eta maitasun-giroan haziko direla eta beren
eskubideak lortzeko eta prozesuan era erraz eta aktiboan parte hartzeko informazioa jasoko dutela.
Hezkuntza-material hau Umeen Eskubideei buruzko Hitzarmena lantzeko sortu dugu. 30 unitatetan partitua
da eta unitateok Hitzarmenak dituen 41 artikuluei dagozkie. Unitateen xedea 9tik 12 urtera bitarteko
ikasleei mundu osoan onarturik dauden baloreak irakastea da. Balore horiek gizarte libre, demokratiko
eta anitzaren oinarri eta zutabe dira eta herri eta nazioen arteko elkarbizitza baketsurako nahitaezkoak.
Obra hau burutzeaz hezkuntza munduan dabiltzan 8 profesional arduratu dira eta hiru alde desberdinetatik
heldu diote eginkizunari. Pertsonarenganako hurbilketan hiru maila bereiziko ditugu, beraz:
1.Mikromaila, “ni-a” izendatuko duguna: gutako bakoitzaren inguru pertsonalaz arduratzen da
hasiera batean. Pertsonaren baitan zentratutako ikuspuntua da eta horrek geure buruaren eta
besteen balorazio pertsonala errazten digu.
2.Erdimaila, “Ingurua” deituko duguna: norberaren analisiaren ondoren, hurbilen dugun inguru
ezagunari ekingo diogu.
3.Azkenik, Makromaila edo “Mundua”: maila honetako gaiek ikuspegi orokorragoa eskaintzen
diote ikasleari, munduko beste toki batzuetako errealitate eta gatazkak erakutsiz. Geografikoki
urrun dauden arren, gizaki garen aldetik eragin zuzen-zuzena dute gugan.
Hurbilketa hirukoitz hau berariaz pentsatua eta sortua da, eta bere xede nagusia ikasleek euren eskubideak
zeintzuk diren jakitea da, mundu guztiko ume guztien eskubideak, alegia. Gaia era horretara aztertuz,
ikasleak aiseago ulertzen ditu gatazkak, haien barruan koka dezake bere burua, zentzua hartzen du eta
horrela jasotako esperientziak bizitzaren beste arloetara hedatzen ditu.
Obrak barne-egitura honi jarraitu badio ere, aipatutako hiru esparruak (ni-a, ingurua eta mundua) hanhemenka
ageri dira unitate bakoitzeko jardueretan, hiru mailak ia-ia obra osoan zehar nahasiz. Horrek
halako itxura heterogeneoa ematen dio obrari.
Azkenik, zera nabarmendu behar da: hezkuntza-material hau 3 ikasturtetan zehar lantzeko pentsatua da
(Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko 2. mailatik hirugarren zikloko 2. mailara arte). 30 unitate hauek
sistematikoki landuz ohartu ahal izango gara ikasle, irakasle eta senitartekook gizarte zuzenago bat lortzeko
Hitzarmenaren artikuluen garapenak duen garrantziaz. Horixe da, izan ere, obra honen helburua.