home



Bakerako eta gatazkak konpotzeko heziketari buruzko topaketak donostian. Emaitzak




Español    



3057
 

Bakerako eta Gatazkak Konpontzeko Heziketari buruzko Topaketak Donostiako Udaleko Gazteria, Hezkuntza, Lankidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatu ditu Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartearekin lankidetzan eta Europako Batzordeko Askatasuneko, Segurtasuneko eta Justiziako Zuzendaritzaren babesarekin.

Topaketa hauek lagungarri izan dira nazioartean bakerako eta gatazkak konpontzeko heziketaren inguruko prestakuntzarako, sentsibilizaziorako eta esperientzia-trukerako gune bat sortzeko, bai hezkuntzaren esparru formalean eta bai esparru ezformalean zein informalean ere. Era berean, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimek heziketapraktika hau orokortzeko funtsezko elementu gisa bete behar duten eginkizunari buruzko gogoeta ere egin da topaketa hauetan, eta ezinbesteko heziketa-eragiletzat jo dituzte errespetuan, giza eskubideen defentsan, pertsonaren duintasunean eta bakean oinarritutako bizikidetza-esparrua eraiki ahal izateko.

Topaketa hauek Donostiako Miramar Jauregian ospatu ziren 2005eko azaroaren 17an eta 18an, eta bakerako eta gatazkak konpontzeko heziketaren inguruko Espainiako, Europako eta Amerikako adituek hartu zuten parte bertan. Gainera, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen defentsan aritzen den hainbat kolektibo eta elkartek ere, beren proposamen eta gogoetak aurkeztu eta trukatu zituen.

Topaketa hauetan lagundu eta parte hartu duten erakunde, entitate eta instituzioen artean honakoak aurki daitezke: UNESCO Etxea, Educadores por la paz- Nueva escuela Galega eta AGAPAZ, Bakeaz, Gernika Gogoratuz, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren Bulegoa, Arartekoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Giza Eskubideen gaineko Irakaskuntzarako Prestatzeko Nazioarteko Zentroa (CIFEDOPH) eta Genevako, Suitzako, Bake Instrumentuaren Eskola Elkartea, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Giza Eskubideen UNESCO Katedra, Kolonbiako Unibertsitate Nazionala, Intolerantziaren aurkako Mugimendua, Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundea, Martxoaren 11ko - terrorismoak erasanikoen elkartea, Irlandako Omagh Victims Group.

Ekimen hau Donostia, Bakearen Kulturarako Gune” programan sartu da. Proiektu hau Donostiako Gazteria, Hezkuntza, Lankidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak garatu du. Zuzendaritza honek balioen gaineko heziketa eta tolerantziaren pedagogia hartzen ditu elementu estrategikotzat Bakerako Kultura zabaldu ahal izateko, eta hau oinarri hartuz, guztion artean hiri anitza eraiki ahal izateko. Bizitzaren defentsa, bakea, askatasuna, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen aitorpena, solidaritatea, tolerantzia, aniztasuna, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, ezberdin izateko eskubidea, duintasuna, justizia eta, oro har, giza eskubide guztien, bat bera ere baztertu gabe, errespetua eta sustapena oinarri izango dituen bizikidetza-ereduaren gain eraikitako hiria.

Osoko batzorde txostengileak eta mahai-inguruak ospatu eta esperientziak aurkeztu ondoan, honako alderdiak azpimarratu dituzte, besteren artean, Topaketan parte hartu dutenek:

1. XXI. menderako erronken aurrean, Bakerako eta giza eskubideen gaineko heziketa funtsezko tresnatzat hartzen da bidezkoagoa, zuzenagoa eta anitzagoa den mundua eraiki ahal izateko.

2. Gatazka elementu konsubstantziala da gizakiarengan. Gatazkak, dena den, aurrera egin eta bake-kultura eraikitzeko egokiera eskain dezake, baldin eta aniztasuna, indarkeriarik eza, solidaritatea, tolerantzia eta giza eskubideen errespetua hartzen badira horretarako oinarri. Era berean, garrantzitsua da gatazkak konpontzeko, bitartekotzarako, intolerantziaren aurka borroka egiteko, elkarrizketarako... tresnak kontuan hartzea ere. Filosofia eta etika, halaber, bakerako heziketarako elementu eraginkor eta positibotzat hartzen dira.

3. Bakea eraikitzeko ezinbestekoa da hiritarrei zuzenduriko heziketa. Bakearen eta bizikidetzaren aldeko heziketaren erronkak berekin du hezkuntza-eragile, ikastetxe, unibertsitate, familia, tokiko administrazio, komunikabide, asoziazio-sare eta hiritar zein erakunde guztien baterako ahalegin eta lan adostu zein konprometitua.

4. Bakerako Heziketak errotik atera nahi du indarkeriaren kultura gure bizitzatik zein pentsamendutik, eta tolerantziaren, harmenaren, samurtasunaren, alaitasunaren eta itxaropenaren pedagogia sustatu nahi du.

5. Ezinbestekoa da indarkeriaren aurrean jarrera neutrorik ez agertzea. Bakerako Heziketak gaitzespen argi eta adoretsua eskatzen du indarkeria- eta intolerantzia-jokabideen aurrean. Solidaritatea eta tolerantzia nahitaezkoak dira, eta egunerokotasunean eta pertsona bakoitzaren jokabidean eraikitzen dira. Heziketa-praktika hauek koherentzia eta autokritika eskatzen dute, hiritarren eskaerarik minenei erantzun ahal izateko.

6. Beharrezkoa da hitzaren eta komunikazioaren boterea berreskuratzea giza duintasuna goresteko.

7. Bizikidetza euskarri duen etorkizuna eta justizian oinarritutako bakea eraikitzeko, memoria kolektiboa gordetzeko gai izan behar dugu. Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak aitortu behar ditugu eta haiekiko solidario izan behar dugu. Ezinbestekoa da adostasun maila handia lortzea gizartean zein politikan, biktimek gizarteagan konfiantza berreskura dezaten. Gizarteak, askotan, bizkarra eman baitie.

8. Beharrezkoa da terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen esperientzia, sentimenduak eta emozioak bakerako heziketan sartzea.

9. Prestatzaile eta hezitzaileei giza eskubideen inguruko prestakuntza iraunkorra ematea ere ezinbestekoa da eta Hiri Hezitzailearen proiektua osatzen du.

10. Bakerako eta giza eskubideen gaineko heziketaren aldeko sinergia maila handia eraikitzeko, beharrezkoa da ondorioen segimendua egitea eta lankidetzarako eta trukerako zubi eta sare iraunkorrak ezartzea tokiko, estatuko zein nazioarteko eragile eta instituzioen artean.


http://www.donostia.org




     
©2003 - 2011